Iñigo Odriozola

(Donostia, 1973)

TAU Fundazioan garapenerako lankidetzan eta hezkuntzan egiten dudan lana dela-eta, argazkigintza gizarte eraldaketarako, partaidetzarako eta adierazpen bitarteko gisa esploratzea gustatzen zait. Irudia, gainera, ezinbestekoa da “beste mundu eta errealitate” batzuk ezagutarazteko, hain zuzen ere pentsamendu bakarrak ikusezin egin eta ordezkatzen dituen mundu eta errealitateak.

IÑIGO_EXPO

Emakume ikusgai(tz)ak

Argazkigintza proiektu honekin gizarte patriarkala salatu, aitortza publikoa eta historia sortu duten eta horretan jarraitzen duten emakumeen memoria sustatu, eta espazio publikoaren bitartez emakumeek gizarteari egindako ekarpenak eta emakumeen rola aldarrikatu nahi ditut.
Nire helburua da ikusaraztea eta antzematea emakumeek gizonekiko berdintasunik ezean duten aitortza publiko eta sozialaren garrantzia.
Ez dira asko, izan ere, Donostiako espazio publikoetan emakumeek duten presentzia % 10 baino gutxiagokoa da, baina, hiri honetako kale eta plaza batzuk emakumeen izenak dituzte. Izen-abizen horiek hiriko espazio bati lotzen zaizkio, eta ez pertsonari edo historiari. Horregatik garrantzitsua da emakumeek Donostiari egin dizkieten ekarpenak aldarrikatu eta ezagutaraztea, horrela, beraien memoria aitortuz.
Bestalde, espazio publikoan emakumeak gutxi aitortzeak esan nahi du gizartea patriarkala dela, eta urte askoan zehar gizonak izan direla erabakiak hartzeko eta boterezko espazioak bete dituztenak. Emakumeen aitortza publikoa sustatzea beharrezkoa den arren, ez da berdintasun formalaren arloan geratu behar bakarrik. Justizia egintza bat da, eta neurri batzuk ezarri behar dira gizon eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko, eta berdintasun horrek hainbat alderdi bultzatu behar ditu, besteak beste soldata arrakala murriztea, zaintzen gizarte eta ekonomia baloratzea eta emakumeek botere espazioak betetzea.

Zergatik bakarrik % 10ek du emakume izena?

Emakumeen memoria historikoaren alde!

Erakusketako emakumeen biografiak eta informazioa1

Elbira Zipitria Irastorza (Zumaia, 1906 – Donostia, 1982) euskal pedagogoa izan zen eta euskarazko irakaskuntza bultzatu zuen. Irakasle ikasketak egin zituen eta 1926an Koruko Andre Mariaren Ikastetxean lanean hasi zen. Lan egitearekin batera militantzia politikoan (Emakume Abertzale Batzan) eta kulturalean (Euskaltzaleaken eta Eusko Ikaskuntzan) aritu zen. Frankismoaren garaian eskolak eman zituen euskaraz Alde Zaharreko bere etxean. Ikastolak debekatuta zeudenez, Elbirak eta beste irakasle batzuk beraien lana ezkutatu, eta eskola partikularrak ematen zituztela esaten zuten. Hainbat emakume prestatu zituen eta pixkanaka ikastola berriak ireki zituzten Donostian. 1972an Orixe Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen.

Begoña Landaburu, kalea Begoña Landaburu Azkue (Bilbo, 1917 – 1991). Misiolaria, eta ondoren, kongregazioa utzi zuenean, irakaslea izan zen. Bilbon neskentzako egoitza bat sortu zuen eta landa guneetatik joaten ziren irakasle ikasketak egitera. Horrez gain, Arrankudiagako kultur etxea eta “Hirugarren Mundua eta Pakea” Batzordea ere sortu zituen. Emakumeen eskubideak defendatu eta aldarrikatzen zituen beti.

Benita Asas, plaza
Benita Asas Manterola (Donostia, 1873– Bilbo, 1968). Irakaslea, pedagogoa eta idazlea. 1908an Haurtxoen Irakasleen Elkarte Nazionala sortu zuen eta XX. mende hasieran haur hezkuntzari buruzko eztabaidetan parte hartu zuen eta umeentzako eskola testu bat idatzi zuen. Aldi berean, emakumeen sufragioa eta baldintzen hobekuntza aldarrikatzen zituzten mugimendu feministetan parte hartzen hasi zen. Pilar Fernández Selfarekin batera “El Pensamiento Femenino” aldizkaria sortu zuen eta bertako zuzendaria izan zen baita ere. “La voz de la mujer” aldizkarian ere idatzi zuen. Emakume Espainolen Elkarte Nazionalean egon zen, 1929an Nazioen Elkarteak Ginebran antolatu zuen batzarrera joan zen, eta bertan proposatu zuen mundu mailako emakumeen kongresu bat antolatzeko, besteak beste Lehen Mundu Gerra bezalako gatazkak saihesteko tresna izan zedin. Emakumeen sufragioari buruzko eztabaidan parte hartu zuen Clara Campoamorri lagunduz. Gerra Zibila bukatu zenean, zegokion Garbiketa Espedientea egin zioten eta zuzendaritza eta konfiantzazko karguak betetzeko desgaitu zuten.

Bizenta Mogel, kalea
Vicenta Antonia Mogel Elgezabal (Azkoitia, 1782 – Abanto, 1854). Euskaraz idazten zuen eta euskaraz argitaratu zuen lehen emakume idazlea izan zen. Oso azkarra zen eta bere kabuz latina ikasi zuen zortzi urterekin, izan ere, Peru Abarka euskarazko lehen eleberria idatzi zuen Juan Antonio Mogel eta Urkizak (bere osaba zenak) bere nebari latina irakasten ziola ikusi zuen. 1804An, 22 urte zituela, Esopok latinez idatzitako berrogeita hamar alegia euskarara itzuli zituen: «Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco».

Catalina de Erauso, kalea
Donostian jaio zen 1592an eta 15 urterekin bere familiak sartu zuen komentutik ihes egin zuen gizon baten arropak jantzita. Horrela igaro zuen bizi osoa, gizon identitate bat eraikitzen beharbada. Abenturazalea zen, morroi gisa lan egin zuen, ontzi langilea eta militarra izan zen eta alferez mailara iritsi zen. Mexikon hil zen 1650ean.

Clara Campoamor, eskultura
Emakunderen enkarguz egindakoa da, eta Clara Campoamorrek gidatu zuen Espainiako emakumeen botoaren 80. urteurrena omentzeko egin zuten. Egilea: Dora Salazar Romo (Altsasu, 1963).

Elisabete Maiztegi, kalea
Elisabete Maiztegi Arrizabalaga (Soraluze, 1911- Donostia, 1996). Euskara irakaslea izan zen, eta bizi osoan euskararen alde lan egin zuen. Agintaritza frankistek irakasten jarraitzea debekatu zioten, eta Elisabetek ezin izan zuen irakasle gisa lanik egin Franco hil zenera arte. 1960 inguruan Donostian Radio Loiolaren sortzaileetako bat izan zen.

Gladys del Estal, pasabidea
Gladys del Estal Ferreño (Caracas, 1956 – Tutera, 1979). Donostian bizi izan zen txiki-txikitatik, informatikan lizentziatu zen 1978an eta hil zenean Kimika ikasketak egiten ari zen unibertsitatean eta aldi berean informatika programatzaile gisa lan egiten zuen enpresa txiki batean. Egiako Talde Ekologistan militatzen zuen, eta 23 urterekin Tuteran manifestazio antinuklear eta antimilitarista batean parte hartu zuen. Protestan zehar eserita zeudela karga bat egin zuten eta guardia zibil batek botatako tiroak hil zuen unean bertan.

Gracia Olazabal, kalea
Gracia de Olazabal. Bere senarrarekin San Telmoko Domingotarren komentua sortu zuen 1541ean, gaur egun San Telmo udal museoa dena. Eraikinaren barnean, elizaren sarreran, bikotearen hilobietako estatua etzanak daude.

Inessa de Gaxen, kalea
Inessa de Gaxen (Bastida-Klarenza, 1566). 18 urte zituela sorgin izateaz salatu zuten eta Bordeleko Parlamentuan epaitua izan zen. Absolbitu egin zuten eta Irun eta Hondarribira joan zen bizitzera. Baina, 1611n beste emakume askorekin batera sorgin izateaz salatu zuten berriz ere. Emakume guztiek delitua konfesatu zuten beldur zirelako, baina, Inesek ez zuen horrelakorik egin. Zurrumurruek leporatu zioten «itsasontziak galarazten zituela» Pasaiako portuan, eta Logroñoko Inkisizioko Epaitegietara eraman zuten, eta azkenean, emakume horiek indultatu zituzten. Inesa eta bere kideak Hondarribira itzuli ziren, baina, ez zieten indultua onartu eta Hendaiara erbesteratu zituzten.

Joana de Albret, kalea
Joana de Albret (Jeanne d’Albret – Joana de Labrit okzitanieraz). (Saint-Germain-en-Laye, 1528 -Paris, 1572). Nafarroako eta Bearneko erregina izan zen 1555etik 1572ra. Emakume kultua eta administratzaile bikaina zen, eta justizia kode bat idatzarazi zuen. Protestante bihurtu zen eta Erreforma ezarri zuen Nafarroan eta Bearnen. Testamentu Berria euskarara itzultzeko enkargatu zuen.

Berreraikitzea, eskultura
1813ko eraso eta sutearen ondoren hiria berreraikitzen parte hartu zuten biztanle zibilak irudikatzen dituen emakume baten figura da. Dora Salazar Romok egin zuen (Altsasu, 1963).

Simona de Lajust, kalea
Simona Lajust Alzaga (Donostia, 1575 inguruan – 1657). Bere senarrarekin batera Klarisen komentu bat sortu nahi izan zuen. Ezin izan zuten horrelakorik egin, eta komentuaren ordez «Santa Teresa» baserri-ermita eraiki zuten Aieten (orain dela 30 urte inguru eraitsi zutena). 1686an bere ondasunekin Santa Teresa komentua sortu zuten Urgull igoeran, eta Simona de Lajusten gorpuzkiak bertara eraman zituzten.