José San Francisco 

(Zamora, 1955)

70eko hamarkada bukaeran hasi nintzen argazkigintzan, eta inolako asmorik gabe nire inguruko irudiak ateratzen nituen. Urte batzuk geldirik egon eta gero, kamera berriz ere erabiltzen hasi nintzen XXI. mende hasieran, eta argazki digitalak ateratzen nituen. Niretzako deskubrimendu handia izan zen, izan ere, asko kostatzen zitzaidan errebelatu kimikoaren prozesua albo batera utz nezakeen. 

Garai berri honetan erretratuak egin ditut nagusiki, eta benetan txunditzen naute hainbat leku eta kulturetako pertsonen adierazpenen aberastasunak eta aniztasunak. 

“Donostiatopia” argazkigintza parte-hartzaileko tailerrera joan nintzenean mundu berri bat ezagutu nuen, edo hobe esanda, argazkigintza aldarrikatzailea egiteko modu berri bat, izan ere, nire erretratuen serieetan beti saiatu izan naiz aniztasunaren barnean berdintasuna aldarrikatzen  “Denok gara berdinak, denok gara ezberdinak”.

Jose_retratoEXPO

Desagertzeko arriskuan?
Tokiko merkataritzak gure hiriaren historia bizirik mantentzen du

Argazkigintza entsegu honekin hiriko saltoki historikoen egungo egoera erakutsi nahi dut. Azpimarratu nahi dudana da Donostiaren identitate propioari egiten dioten ekarpena hiri gehienetan ikusten ditugun saltoki berrien estetika bateratu eta inpertsonalaren aurrean. Bertako langileen lana aldarrikatu nahi dut baita ere. 

Azken urteetan Donostian saltoki asko itxi dituzte. Denda horietan sartu eta espazioak ikuste hutsa plazer estetikoa zen, zapore eta usain propiodun lekuak ziren. Batzuk betirako itxi zituzten, eta beste batzuen ordez kate eta/edo frankizia handietako saltokiak jarri dituzte. Estetika uniformea eta kanpoan diseinatutako usaina, beste edozein lekutan berdin-berdina dena. Batzuetan pentsatu izan dut anestesia jarri eta beste hiri batera eramango banindute, esnatzean ez nukeela jakingo non nengoen. 

2010ean editatu zuten Ehun urteko Donostiako Saltokiak izeneko liburua irakurtzen ohartu naiz gaur egun horietako asko ez daudela. Baliteke adin kontua eta iraganarekiko nostalgia izatea, baina faltan botatzen ditut lekaleak soltean eros nitzakeen edo jabeari nire terrazako landareei zein plagizida bota behar nien galdetzeko aukera ematen zidaten saltokiak; azken hori Semillas Elosegin egiten nuen, eta adibide bat besterik ez da. 

Badakit bizitza aldatu egiten dela eta garai berrietara egokitu beharra dagoela. Horregatik miresten eta zoriontzen ditut aurreko belaunaldiengandik jasotako esentzia propioa mantenduz hori egiteko gai izan diren saltzaileak eta ia-ia aldaketarik gabe mantendu direnak. Batzuei zein besteei esker Donostia nortasun propioa duen hiria da, eta guztien artean etorkizuneko belaunaldientzako bizirik mantentzen dute hiriaren historia. 

Bibliografia: COMERCIOS DONOSTIARRAS CENTENARIOS 2010 / no 2; Lola Horkajo Calixto, Juan Jose Fdrz Beobide, Carlos Olaetxea